Hauxe da Kabiak eskainiko diguna

Bihar hasiko da 52. Durangoko Azoka, eta Kabi@ Plaza Digitalak seigarren aldiz irekiko ditu ateak. Bost egunez, hauxe da eskainiko diguna. Bertan ikusiko dugu elkar:

 

Abenduak 6, asteazkena

Gamer Gela izango dugu Kabia plaza digitalean. Goizez eta arratsaldez izango dugu gunea zabalik: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Game Erauntsia Euskal Bideo Jokalarien Elkarteak antolatuta, bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen aurkezpena eta tailerrak izango ditugu.

 

Bertan, euskarazko bideo jokoez gozatu, eta bideo jokoen euskal komunitatea zertan datzan ikusi eta ikasteko aukera izango dugu. Mota ezberdinetako jokoak probatuko ditugu: modakoak, retroak... Txapelketak ere izango ditugu: SuperTux kart, adibidez. Eta euskarara itzulitako joko berriak ere ezagutuko ditugu, besteak bestela. Aurten, gainera, bideo jokoak nola itzul daitezkeen azalduko digute.

 

Abenduak 7, osteguna

Abenduaren 7a, osteguna, Ikasleen Eguna izango da. Goizean, 11:00etatik 14:00etara, AppInventor ezagutuko dugu gaztetxoekin. Skura Mobileko kideek eskutik, modu erraz batean eta programazioko jakintzarik izan ez arren, Android sistema eragilearentzako aplikazio sinpleak sortzeko lehen urratsak egingo ditugu.

Arratsaldean, 16:30etik 19:30era, autodefentsa digitala landuko dugu Hack.in#Badakigu Elkarteko lagunekin. Tailerrak mundu digitalak pribatutasunaren inguruan jartzen digun erronken inguruan hausnartzea du helburu. Hitzaldi labur baten ostean gure telefono mugikorretan geure burua defendatzeko neurriak hartzen ikasiko dugu, app eta konfigurazio desberdinak erabiliz.

Bertaratzen direnek segurtasun digital pertsonalean lehen pausuak emateko trebetasunak lortuko dituzte.

 

Abenduak 8, ostirala

Abenduaren 8an Wikipedia izango da eguneko protagonista Kabia plaza digitalean. Egun guztian zehar hainbat tailer eta aurkezpen izango ditugu. Gainera, wikilari nola izan ikasiko dugu. Hauxe izango da eguneko egitaraua:

 

  • 11:00-12:00: Hitzaldia: Liburuzainak, idazlezainak eta literatura Wikipedian.

  • 12:00-13:00: Wikilari izan nahi? Tailer irekia, Wikipedian editatzen ikasteko.

  • 15:30-16:30: Hitzaldia: Wikipedia eta hezkuntza proiektuaren aurkezpena.

  • 16:30-18:00: Wikilari izan nahi? Tailer irekia, Wikipedian editatzen ikasteko.

  • 18:00-19:30: Photocalleko irudiak antolatzen eta berrerabiltzen: Durangoko azokako argazki uzta.

Denon ekarpenak beharrezkoak dira Wikipedia bezalako proiektu bat elikatu eta zaintzeko.

Abenduak 9, larunbata

Kabian, esperientzia eta proiektu ezberdinen berri emateaz gain, nabarmentzekoa da komunitateen indarra eta auzolana. Urtero bezala, aurten ere euskal komunitate digitalean ekarpenak egiteko baliatu nahi dugu Durangoko Azoka.

Abenduaren 9a, larunbata, horregatik planteatu genuen egun ireki gisa, komunitateek eta proiektu ezberdinek euren ekarpenak guztiokin elkarbanatzeko. Seigarren urteurrena beteko dugu aurten ahalegin horretan.

Hauxe izango da egitaraua:

  • 11:00-11:20: Blogetan.eus eta Klikasi.eus.

    • Blogetan.eus -en aurkezpena: Euskal blogarientzat eta euskarazko blogen irakurleentzat erreferentzia gunearen aurkezpena.

    • Klikasi.eus -en aurkezpena: Euskarazko baliabide digitalen biltegia.

  • 11:20-11:40: Izarkom. Izarkom Euskal Herriko komunikazio operadore kooperatiboa-ren aurkezpena.

  • 11:40-12:00: Mitologik Basoa. Mitologik euskal mitologiaren museo didaktikoaren aurkezpena. Fisikoki Donostian dago kokatuta museoa. Barruan bezeroek izango dituzten frogen eta mitologia pasabide ezberdinen lagin bat ikusi ahal izango da aurkezpenean zehar. Mitologik, ikastetxeei zuzendua dago, ikasketa metodologia berri bezala ezarri da. Horrekin batera, esperientzia hau eta euskal mitologiaren ezaugarriak gehiago zabaltzeko helburuarekin, 4.0 liburua sortu dute mugikorrerako. Liburuari "bizia" eman dakioke, errealitate areagotuan Basajaun, Mari, Sugar... pertsonaiak ikusiz.

  • 12:00-14:00: Teknologia hezkuntzan. Zeinen esku? Ardurak eta proposamenak. Azken aldian hezkuntzan Googlek duen presentzia masiboarengatik kezka azaltzen duen taldea gara. Irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatearen inguruko jendea bildu gara gure kezkak zabaltzeko asmotan. Gune honetan debatea ireki nahi dugu.

  • 16:30-17:30: Marrazkeraz. Marrazkilari Euskaldunon Topagunea. Zuzeneko marrazkia egiteko deialdi irekia. Azokako gune ezberdinetatik eta Durangoko kaleetatik, esparru ezberdinak modu grafikoan azaltzeko jarduera da. Egunean zehar marraztu, sarera igo eta traola batekin ekoizpenak partekatuko dira. Azkenik, elkarrekiko aurkezpenak egingo dira.

  • 17:30-19:30: Hirikilabs – Zer egiten dugu hiri laborategi batean? Hirikilabs pertsonekin, taldeekin eta jarduketa-komunitateekin elkarrekintzan arituz proiektuak garatzeko lekua da. Beste pertsona batzuekin elkartzeko eta Hirikilabseko espazioa, makinak edota baliabideak tailer ireki gisa ikertu, partekatu eta erabiltzeko unea eta, hala, DIYtik (egin ezazu zuk zeuk) DIWOra (egin ezazu beste batzuekin) eboluzionatzen duten sormenezko ideiak errealitate bihur daitezen. Hirikilabs-en esperientzia gertutik ezagutzeko aukera bikaina.

Abenduak 10, igandea

Aurtengo azken eguna abenduaren 10 izango da, igandea. Goizez irekiko dugu plaza digitala, 11:00etatik 13:00etara.

PuntuEus Fundazioaren eskutik 'Sarean.eus' irratsaioaren emanaldia zuzenean egingo dugu eta 'Emakumeak teknologian' gaia hartuko dugu hizpide.

Galduko duzu?

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT