Kabi@ gunean kultura digitala eta teknologia berriekin lotutako hamaika jarduera egongo dira abenduaren 5etik 9ra arte. Tailerrak, aurkezpenak, hitzaldiak... Azken egunerako, baina, ekitaldi berezia prestatu dute. Goizeko 11:00etatik aurrera, "Ni naiz!?" ekimen artistikoa prestatu du Uztaritze Betelu artistak. Margolaria ofizioz, Betelu batez ere eskultorea da, baina olerkigintza ere lantzen du: "Disziplina bakoitzak modu ezberdinean asetzen nau".

 

- Abenduaren 9an "Kabi@" gunean "Ni naiz!?" ekimen artistikoa antolatuko duzue. Bisitariak zer topatuko du?

Gauza oso berezi bat. Nire olerkiak sare neuronal batetik pasa ditu Mikel Azkaratek eta oso emaitza interesgarriak atera dira. Ariketa izan da ea sare horrek jakingo lukeen ni neu idatziko nukeen olerki bat asmatzen. Horregatik da Ni naiz?.

- Inteligentzia artifiziala eta sormena, elkarlanean. Zer nolako esperientzia izan da zuretzat, zure olerkietan inteligentzia artifiziala lantzea?

Jolastea asko gustatzen zaidanez…oso esperientzia ederra izan da, bai eta dibertigarria ere. Espektatibak batzuk ziren eta emaitzak beste batzuk. Beldur pixkat ematen zidan ere inteligentzia artifizialak nire barneak ezagutzeko gaitasuna izan zezakeela pentsatzeak. Baina argi nuen, eta badaukat, inteligentzia artifiziala asko hobetzen badu ere gizakion pare jarri arte ez duela sortzeko bultzada hori izango, ez duela intentzio sortzailea edukiko, ez baitu ezer asetzeko beharrik izango, alegia. Hortaz, ez naiz ni makina batek egingo duena inoiz izango, niretzako egiten dudan lanketa ezin baitu beste batek egin. Hori da nire iritzia egun, agian erratua egongo naiz baina tira.

Espero zenuen horrelako emaitzak izatea? Ekarpen interesgarria egin dizu?

Ez, egia esan ez nuen hain emaitza katxondoa espero, oso eroa da. Hitzak asmatzeaz gain ez du erritmorik osatzen. Dena den, oso baliagarria iruditzen zait justuki ematen duen hori olerki berriak sortzeko, hau da, asmatzen dituen hitz horiek erabiltzea. Eta errezitatzeko garaian oso gauza ederrak sortzen dira, irudia izan nuen protoeuskaraz ari nintzela, kar kar! Edo etorkizuneko euskaran.

Askotan lotu izan dugu inteligentzia artifiziala kutsu negatiboarekin. Baina zure esperientziatik abiatuta, ez du zertan horrela izan, ezta?

Nire ofizioa harlanketa da beraz pentsa zein urruti nagoen inteligentzia artifizialetik. Beti izan da arrotza niretzat. Baina oso lagungarria da alor askotan eta sormenerako ere lagungarria izango dela dirudi, jolasteko finean.

Horrez gain, zure eskulturak ere izango ditugu Kabi@n ikusgai, ezta? Zer motakoak?

Printzipioz eskultura bakar bat egongo da, bukatzeko denbora ematen badit. Figura geometriko bat da, bizitzan dena elkar elikatzen dela adierazten duena, laburrean esanda.

Besterik gaineratu gura baduzu...

Bai, ideia zoro hau Gorka Juliorena izan da eta eskertzeko parada hartu nahiko nuke.

Egunerakoan

harria zara eta

zitorren ez duzu biziraun,

irri bilarekin

egin duen kontari,

miztaren arde baten baitan

gorriak gorderik.

Ikarparrekin.egin duzu hesteak elkartuko

eta logarren auzoak biziki astinduko.

Egunerai

haiko gaituetan.

PLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMITPLG_CONTENT_ITPSOCIALBUTTONS_SUBMIT